aurora polarra

Goi-atmosferan, 100 km-tik gorako altitudeetan, gertatzen den fenomeno argitsua da, eta ohikoa da eskualde polarretan ikustea. Eguzki-haizeak Lurreko atmosferarekin duen elkarrekintzaren emaitza da. Eguzkiak norabide guztietan igortzen duen partikula elektriko oso energetikoen fluxu horren zati bat Lurraren eremu magnetiko indartsuak atzematen du, babes-ezkutu gisa jokatuz, eta bi polo magnetikoetara desbideratzen du. Atmosferaren goiko aldean dauden molekula gaseoen gainean partikulek egiten duten bonbardaketak uhin-luzera desberdinetako argia (kolore desberdinak) igortzea eragiten du, eta, ondorioz, aurora polarrak sortzen dira. Haien tonalitateak bonbardatutako molekula motaren araberakoak dira. Oxigenozkoek kolore berdeko aurorak sortzen dituzte; nitrogenoak, tonu gorri, arrosa eta purpurako distirak; eta kolore urdina -maiztasun txikiagokoa- hidrogeno-molekuletatik dator, atmosferan oso gora kokatuak. Sortzen diren Lurreko hemisferioaren arabera, ipar-aurorak ditugu (ipar hemisferioan) eta hego-aurorak (hego hemisferioan). Lurreko magnetosferan ohikoa baino eguzki-haize bortitzagoaren iritsierak eragindako ekaitz geomagnetiko handiek dimentsio handiagoko aurora polarrak sortzen dituzte, eta horiek ohikoa baino latitude baxuagoetan ikus daitezke. Ipar-aurorak iparraldeko argiak izenez ere ezagutzen dira, eta haien inguruan kondaira ugari daude. Herri nordiko batzuetan uste zuten hildakoen arimak zirela, atmosferaren gainean bizi zirenak, eta zutik zeuden pizturiko zuziekin dantzan aritzen zirenak, izpiritu berrien urratsak gidatzeko.

Erlazionatutako terminoak: eguzki-ekaitza, aurora, aurora boreala, aurora australa