nitrogenoa

Airea osatzen duen nahasketa gaseosoaren osagai nagusia, bere forma molekularrean (N2 ) present dagoena. Atmosfera lurtarrean, alde handiz, elementurik ugariena da, bere bolumenaren % 78,084 hartzen baitu. Kolorerik, usainik eta zaporerik gabeko gas inertea da, Lurreko bizitzarako funtsezkoa, prozesu biologikoetan jokatzen duen paper garrantzitsua dela eta. Nitrogeno-zikloa deitzen zaio atmosferako gas honen eta izaki bizidunen arteko trukeak arautzeaz arduratzen denari. Kimikoki gas erreaktiboa ez denez, zikloa soilik posible da bakterio jakin batzuek jokatzen duten paperari esker, airetik hartzen duten nitrogenotik konposatu nitrogenatuak sintetizatzeko gai baitira, nitrogenoaren finkapena izeneko prozesua sortuz. Daniel Rutherford (1749-1819) kimikari, mediku eta botanikari eskoziarra izan zen gas honen existentzia lehen aldiz agerian utzi zuena, 1772an. «Aire flogistikatua» deitu zion, flogistoari erreferentzia eginez; garai hartan gauzen sukoitasunaren erantzule zela uste zen substantzia bat. Geroago, Antoine-Laurent de Lavoisier (1743-1794) kimikari frantziarrak azote izena eman zion, hitz hori grezierazko ζωή (bizitza) hitzetik dator, aurretik (alfa) letra pribatiboa duela, eta «bizitzarik gabe» edo inertea esan nahi du, hori baita nitrogenoaren ezaugarri nagusia. Terminoa gaztelaniara ázoe gisa itzuli zen, nahiz eta izendapen hori jada erabileratik atera den.