satelite meteorologiko
Lurra inguratzen duen satelite artifiziala da, behaketa meteorologikoak egiten dituena eta lurreko harrera-estazioetara transmititzen dituena. Lor ditzakeen datuak oso askotarikoak dira, eta ez dira soilik hodeien irudiak hartzera mugatzen, hori baita telebistako eguraldi-saioei esker ezagunena den funtzioa. Satelite hauek, gainera, interes meteorologiko eta klimatikoko aldagai eta elementu ugari monitorizatzeaz ere arduratzen dira, hala nola aerosolak (kea, hautsa, sumendi-errautsak…), poloetako aurorak, glaziarrak, izebergak, izotz-geruzak, itsasoaren gainazaleko tenperatura, haizeak, ekaitzak, gas kutsatzaileen kontzentrazioak, ozono estratosferikoa, CO 2 , metanoa… Satelite meteorologikoen estaldura globala da, eta horrek egunero milioika datu berri ekartzen ditu, eguraldi-iragarpeneko eredu numerikoak elikatzen dituztenak. Bere misioa arrakastaz bete zuen lehen satelite meteorologikoa TIROS 1 izan zen, NASAk 1960ko apirilaren 1ean jaurtitakoa. Aurrekari gisa Vanguard 2 izan zuen, AEBetako Armadaren proiektu baten parte izan zena eta aurreko urtean jaurti zena (1959ko otsailaren 17an). Satelite hori hodei-estalduraren banaketa eta airearen dentsitatea neurtzeko diseinatu bazen ere, ia ez zuen daturik eman, eta horregatik TIROS 1 hartzen da normalean historiako lehen satelite meteorologikotzat. OMMren Munduko Eguraldi Zaintza Programak, 1963an abian jarrita, behin betiko bultzatu zuen espaziotik atmosfera behatzea, satelite meteorologikoei esker. Satelite artifizial batek lurraren gainazaletik duen altueraren arabera, lau orbita mota bereizten dira: 1) lurreko orbita baxua (polarra edo geldialdikoa); 2) lurreko orbita ertaina (nabigazio globaleko sistemak ahalbidetzen dituzten sateliteek erabiltzen dutena); 3) orbita geosinkronoa; eta 4) lurreko orbita altua. Satelite meteorologikoak 1 eta 3 kategorien barnean kokatzen dira.