tximistorratz
Eraikin bat tximisten inpaktutik babesten duen gailua da, bertan bizi diren pertsonen osotasun fisikoa zainduz. Tximistorratzak itsasontzietan eta bestelako instalazio askotan ere jartzen dira (antenak, dorre elektrikoak, aerosorgailuak…). Denen artean ohikoena punta-efektuan oinarritzen da, eta Franklin tximistorratz izenaz ere ezagutzen da, bere asmatzailea omentzeko: Benjamin Franklin (1706-1790) polifazetikoa. Bere kometa-esperimentu ospetsuari esker, Filadelfian (AEB) 1752ko ekainaren 15ean egina, tximistak deskarga elektrikoak direla frogatu zuen. Hurrengo urtean (1753) gailua asmatu zuen. Tximistorratz arrunta eraikinen goieneko aldean jartzen da, eta altzairu galvanizatuzko barra metaliko bat edo gehiagok osatzen dute, wolframiozko punta batean amaituak, tximista batek jotzean sortzen diren tenperatura altuei aurre egiteko gai direnak. Muturretako aire-ionizazioak tximistorratzen bidea irekitzen die ekaitz-hodeietatik datozen tximistei. Beste muturra lurrera konektatuta dago erresistentzia elektriko baxuko eroale metalikoen bidez. Horrela, tximista batek tximistorratzean jotzen duenean, azkar transmititzen da lurrera, deskargak eraikinaren egituran kalterik eragin ez dezan. Tximistorratz batzuk -hauek ere punta-efektuan oinarrituak- eraztun antzeko batez koroatuta daude, eta eraztun horrek isotopo erradiaktibo kopuru txiki bat du, gailuaren inguruko airea gehiago ionizatzeko helburuarekin. Sare motako tximistorratzak ere badaude -Faraday-ren jaularen printzipio fisikoan oinarrituak-, eta eraikin osoa estaltzen duen lurrera konektatutako sare metaliko batez osatuta daude. Egitura metalikoa duen eraikin moderno batek eginkizun hori bera betetzen du, eta horregatik ia zero izatera murrizten da tximista batek barrura sartu eta kalteak eragiteko probabilitatea.
Erlazionatutako terminoak: tximista