ur lurrina

Aztarna-gas kolorgabea da, airearen zati bat osatzen duena eta atmosferaren dinamikan zein lurreko energia-balantzean zeregin garrantzitsua betetzen duena. Atmosferara batez ere lur-azala estaltzen duten ur-masa handien lurrunketaren bidez sartzen da; landaretzatik datozen ekarpenak ere nabarmenak dira (ebapotranspirazioa) eta, neurri txikiagoan, elur- eta izotz-geruzatik datozenak (sublimazioa). Banaketarik irregularrena duen atmosfera-osagaia da, bai espazioan bai denboran. Airean duen proportzioa bolumenaren % 0,4 ingurukoa izan daiteke eremu basamortutarretan, eta % 4ra iritsi daiteke laino-basoetan eta oihan tropikaletan, atmosferan gora egin ahala etengabe murrizten delarik. Batez ere troposfera behe eta ertainean kontzentratzen da. Gaitasun handia du eguzkitik (uhin laburra) eta lur-azaletik (uhin luzea) datorren erradiazioa xurgatzeko, eta horrek berotegi-efektuko gas nabarmen bihurtzen du, baita planeta-eskalako tenperaturaren arautzaile nagusi ere. Herri-mailan nahasmen handia dago haren izaerari buruz, oso hedatuta baitago hodeiak, ur beroaren lurrun-kea edo neguko egun hotzetan ahotik botatzen dugun arnasa ur-lurrina direlako ustea. Kasu horietan guztietan, ikusten dena lurrun-egoeratik likido-egoerarako fase-aldaketaren emaitza da, izan ere, elementu horiek guztiak tamaina mikroskopikoko ur-tantatxoz osatuta daude, airean dagoen ur-lurrinaren kondentsazioaren ondorioz sortuak. Atmosferan dagoen ur guztitik -bere hiru egoeretako edozeinetan-, % 96 ur-lurrina da, nahiz eta gas honen molekula baten batez besteko bizialdia atmosferako ingurunean hamar egun besterik ez den.

Erlazionatutako terminoak: asetasuna