ozonoa
Atmosferan dagoen traza-gasa da, eta bere kontzentrazio handienak 20 eta 25 kilometro arteko altueran lortzen dira (ozono estratosferikoa), baita hiri- eta industria-guneetan ere (ozono troposferikoa). Hizkera arruntean, ozono ona eta txarra bereizteko ohitura dago, hurrenez hurren, betetzen duen eginkizuna -onuragarria edo kaltegarria- dela eta. Ozono-molekula oxigenoaren forma hiruatomikoa da. Oxigeno-molekula baten eta elementu horren atomo libre baten batasunaren emaitza da. Bere formula kimikoa O3 da, eta ezaugarrien artean nabarmentzekoak dira bere kolore urdina eta usain metaliko bizia, oso ondo nabaritzen dena deskarga elektriko handiko ekaitza dagoenean. Tximistek, airean zehar egiten duten bidean, oxigeno-molekulak disoziatzen dituzte, eta elementu horren atomo libreak geratzen dira; hauek disoziatu gabeko beste molekula batzuekin bat egitean, ozonoa osatzen dute. Ezaugarri horrek ematen dio izena, izan ere, jatorria greziazko ὂζειν (ozein ) hitzean du, usaindu esan nahi duena. Troposferan, berez sortzeaz gain, bigarren mailako kutsatzailea da, erreakzio fotokimikoen bidez sortua, non NOx eta KOL (konposatu organiko hegazkorrak) oxigenoarekin konbinatzen diren. Kontzentrazio altuetan, osasunarako kaltegarria da, oxidatzaile indartsua izanik eta berotegi-efektuko gas gisa ere jokatzen duelarik. Ozono estratosferikoak, batez ere ozonosferan kokatuak, garrantzi handiko eginkizuna betetzen du estratosferaren oreka erradiatiboan, eguzkitik datorren erradiazio ultramorea xurgatzeko duen ahalmen handiari esker. Oskol moduko bat osatzen du, eta horrek eragozten du aipatutako erradiazioaren zati energetikoena eta hilgarriena (B eta C motak) lurrazalera iristea, eta horrek bizitza posible egiten du Lurrean.