atmosfera

Lurraren azalera (solidoa eta likidoa) inguratzen duen estalki gaseosoa. Definizioa edozein zeruko gorputzeri orokortu dakioke, baina sarrera honetan Lurreko atmosferari bakarrik egingo diogu erreferentzia, ohikoa den bezala atmosfera deitua. Sistema klimatikoa osatzen duten bost azpisistemetako bat da. Osatzen duen airea geruzatan banatzen da, geruza kopurua kontuan hartutako irizpidearen arabera aldatzen delarik. Tenperaturaren perfil bertikalari erreparatuz, atmosfera ondo definitutako bost geruzatan banatzen da (troposfera, estratosfera, mesosfera, termosfera eta exosfera), eta horietan, txandaka, gorakada eta beherakada termikoak gertatzen dira. Hau da nagusi den atmosfera-banaketa, nahiz eta beste osagarri batzuk ere ezar daitezkeen, era berean baliozkoak, konposizio kimikoaren edo egitura elektronikoaren arabera. Zenbait egilek atmosferaren goiko muga altitude jakin batean ezartzen badute ere, muga horrek ez du zentzu fisikorik, espazioarekiko muga lausoa baita. Airearen dentsitatea pixkanaka murrizten da gora egin ahala, eta ezin da baieztatu maila jakin batetik aurrera zero dela. Aeronautikaren ondorioetarako atmosferaren eta kanpo-espazioaren arteko muga 100 kilometroko altitudean ezartzen den bitartean -Kármán lerroa deitua-, Meteorologian, ohikoena muga hori gure buruen gainean 300 kilometrora kokatzea da. Atmosferaren masaren zatirik handiena bere behe-aldean pilatzen da, non airearen dentsitatea nabarmen murrizten baita altuerarekin. Masa horren erdia gutxi gorabehera atmosferako lehen bost kilometroetan kokatzen da, eta % 99a lehen hogeita hamarretan. Hortik gora, airea oso arraroa da.