berotegi-efektua
Behe-atmosferaren berotzea, bere osagaiek -bai gasek bai aerosolek- lurreko erradiazio infragorria (uhin luzekoa) neto xurgatzeagatik. Lurrean berotegi-efektu natural bat badago ere -beste planeten atmosferetara ere heda daitekeena-, gaur egungo klima-aldaketaren testuinguruan, esamoldeak berotze gehigarriari egiten dio erreferentzia, gizakiak erregai fosilen eta biomasaren errekuntza masiboa egitearen ondorioz atmosferan berotegi-efektuko gasen kontzentrazioek izan duten gorakadagatik -CO2 buru dutela-. Horrek eragindako behartze erradiatiboak lurreko gainazalaren batez besteko tenperatura globala igotzea eragin du, eta oraindik ez du goia jo. Jean-Baptiste Joseph Fourier (1768-1830) matematikari eta fisikari frantsesa izan zen -1824an- Lurrak berotegi batek bezala beroa atxikitzen zuela kontsideratu zuen lehen zientzialaria. Analogia hori ez da erabat zuzena, izan ere berotegiko kristalak eguzki-erradiazioarentzat (uhin laburrekoa) gardenak dira, baina barnean sortzen den infragorriarentzat (uhin laburrekoa) opakuak -horrek eragiten du tenperaturaren igoera-, atmosferaren kasuan, ordea, lurreko erradiazioaren zati bat bakarrik (infragorria, uhin laburrekoa) atxikitzen dute berotegi-efektuko gasek, gainerakoa kanpo-espaziora ihes eginez.
Erlazionatutako terminoak: klima-aldaketa, karbono dioxidoa (CO2), berotegi-efektuko gasak