ENSO
El Niño - Oscilación Sur klima-patroia (El Niño - Southern Os- cillation, ingelesez) nazioartean ezagutzeko erabiltzen den sigla da. Fenomeno natural hau da atmosferaren eta ozeanoaren arteko akoplamenduaren adierazpenik argiena. Eskala handiko oszilazio bimodala da, zeinaren fase negatiboa El Niño baita eta positiboa La Niña. ENSOren episodio baten agerpena presio-anomalia garrantzitsuek markatzen dute azalean, Tahitiren (Polinesia Frantsesa) eta Darwinen (Australiako iparraldea) artean, baita Ozeano Bareko ekuatore-eremuko zerrenda erdialdeko eta ekialdeko itsas azaleraren tenperaturek ere. Klimatologian, Hego Oszilazioaren Indizea izenekoa erabiltzen da (SOI, ingelesezko sigla), ENSOren fase jakin bat noiz hasten den jakiteko. Indize hori aipatutako lekuetan neurtutako presio atmosferikoen alde estandarizatuak ematen du. Baldintza normaletan -ENSO neutro batekin-, presioa txikiagoa da Darwinen Tahitin baino, eta horrek ekialdetik mendebalderako aire-fluxu bat mantentzen du (alisioen erregimena), zeinak ur-lurrun kantitate handiak garraiatzen baititu Ozeano Bareko arroaren ekialdeko aldera, Australiako iparraldeko eta ingurukoak diren Papua Ginea Berria eta Indonesiako eguraldi euritsu bereizgarria eraginez. El Niñoren baldintzak ematen direnean, arroaren alde bien arteko presio-aldea ahultzen da, alisio-haizeek ere bai, aire hezearen igoerak murrizten dira eta itsas korronteak aldatzen dira, aipatutako zerrendako itsasoko ur azalekoa berotuz. Horrek guztiak nabarmen aldatzen ditu haize-patroiak eta prezipitazio-erregimenak Ozeano Bareko eskualde osoan. Australian lehorteak jasaten diren bitartean, arroaren beste aldean, Hego Amerikako zerrenda ekuatorialaren mendebaldeko kostan, uholdeak eragiten dituzten euri torrentzialak gertatzen dira. La Niña fenomenoarekin (ENSOren fase positibo edo hotza), guztiz alderantzizkoa gertatzen da. Bi faseetan, ENSOren eragina ez da Ozeano Bareko arrora mugatzen, munduko eskualde askoz gehiagotan sumatzen baitira bere ondorioak. Gaztelaniaz ohikoa da ENOS gisa ikustea.