haizearen arrosa
Izar formako diagrama bat da, non estazio edo behatoki meteorologiko batean neurtutako haizearen norabide desberdinen maiztasun erlatiboak adierazten baitira, denbora-epe jakin batean. Abiadura-tarte desberdinen maiztasunak ere adieraz daitezke, norabideen arabera taldekatuta. Kalmen dagokien portzentajea arrosaren erdian marraztutako zirkulu batean idazten da. Haizea tresnekin neurtzen hasi baino askoz lehenago, haize nagusien norabideekin lehen arrosak ezarri ziren, batez ere nabigatzaileei itsasoan orientatzen laguntzeko. Antzinako haize-arrosak kultura desberdinetan agertzen dira, denborarekin gero eta sofistikatuagoak bihurtuz. Antzinako Grezian, Homero poeta greziarrak (K.a. viii. mendea) Odisean lau haize nagusiko arrosa bati egiten dio erreferentzia (Boreas, Euro, Noto eta Zefiro), lau puntu kardinalen arabera antolatuta. Aristoteles filosofoak (K.a. iv. mendea) 8 norabideko arrosa bat ezartzen du, Timostenesek (K.a. iii. mendea) 12koa eta Vitruvio arkitekto erromatarrak (K.a. i. mendea) 24koa. Gaur egun erabiltzen den 32 norabideko arrosa Erdi Aroko mapamundi batean irudikatu zen lehen aldiz, Abraham Cresques mallorcar geografo eta kartografoari egotzia, nahiz eta zenbait iturrik haren asmakizuna Raimundo Lulio mallorcarrari ere (h. 1232-1315 edo 1316) egozten dioten. Aipatutako 32 norabideko haize-arrosak 8 haize nagusi ditu (lauk puntu kardinalak markatzen dituzte eta beste lauk alboko haizeak dira), 8 bitarteko haize (albokoak) eta 16 laurden-haize (laurdenak).
Erlazionatutako terminoak: haizearen norabidea