haizearen abiadura
Aldagai meteorologiko bat da, leku eta une jakin batean airearen desplazamenduaren osagai horizontalari dagokiona. Haizearen intentsitate izenez ere ezaguna, anemometroaren bidez neurtzen da, eta ohikoena km/h-tan adieraztea da, nahiz eta m/s ere erabiltzen den (Nazioarteko Unitate Sistema) eta korapiloa (nabigazio itsastar eta aeronautikoan). Aurreko definizioa «berehalako abiadura» deiturikoari dagokio, eta, hurbilketa gisa, bolada batekin identifika dezakegu. Behatokietan, gainera, denbora-tarte jakin bati dagozkion haize-abiaduraren balioak neurtzen dira. Datu horietako bakoitzak «batez besteko abiadura» bat adierazten du, nahiz eta ohikoa izan hori zehaztu gabe uztea. Behatoki eta estazio meteorologiko gehienetan, haizearen abiaduraren datuak hamar minuturo hartzen dira normalean.