tornadoa

Inbutu baten itxura duen aire-zutabe birakaria da, angelu-abiadura handikoa, garapen bertikaleko hodei batetik jaisten dena (kasu gehienetan ekaitz-supersela batekin lotutako kumulonimbo batetik) eta lurraren gainazala hartzen duena. Ikusgarria da kondentsazio-inbutuari esker (ez baitu beti lurra ukitzen) eta bere bidean xurgatzen duen hautsari eta zenbatu gabeko objektuei esker, aldez aurretik erabat erauzten baititu. Lurrean sortzen diren mikroeskalako fenomeno meteorologikoen artean bortitzena da; espazio txikienean energia gehien biltzen duena. Bere barruko presioa kanpokoa baino 100 eta 200 hPa artean txikiagoa dela kalkulatzen da. Bai bere tamaina bai bere iraupena oso aldakorrak dira. Diametroa metro gutxi batzuetatik (mikrotornadoa) hainbat kilometrotara alda daiteke, kasurik bereziekoenetan. Diametro tipikoa ehunka metro ingurukoa da. Iraupena laburra da; segundo batzuk baino ez direnetik ordu bat arte. Inguruan sortzen dituen haize-boladak apartekoak dira; bortitzenetan 500 km/h ingurukoak, eta horrek zeharkatzen duen lur-zerrenda osoan hondamendi erabatekoa eragiten du (kasu batzuetan ehunka metro besterik ez direnetik ehunka kilometrotara arteko distantziak). Bere desplazamendu-abiadura tipikoa 50 eta 80 km/h artekoa da. Tornadoak bere bidean sortzen dituen haizeez gain, tornado askoren jatorri diren ekaitz multizelular eta superselek euri-jasa bortitzak, kazkabarra eta aparatu elektriko indartsua eragiten dituzte. Noizbehinka, tornado multibortize izenekoak sortzen dira, zeinen bereizgarri nagusia den aldi berean bi kondentsazio-inbutu edo gehiago eta/edo hondakin-hodeiak (hautsa, adarrak, zurezko taula puskatuak…) izatea.