jet korrontea (jet stream)

Tropopausatik gertu, ia ardatz horizontal batean zehar doan aire-korronte estu eta bizia. Bere zati zentralean lortzen du haizearen abiadura maximoa, inoiz ez 110 km/h baino txikiagoa eta askotan 200 km/h gainditzen duena. Korronte jetek zenbait mila kilometroko luzera izatera irits daitezke eta forma sinusoidala hartu ohi dute. Beren zabalera zenbait ehun kilometrokoa da eta lodiera zenbait kilometrokoa. Beren nukleoaren inguruan haize-zizailadura horizontal eta bertikal handia dago, eta horrek turbulentzia handiko eremuak sortzen ditu. Hegazkin komertzialek erregaia aurreztea eta bidaien iraupena laburtzea lortzen dute, haizea alde dutela, jetaren nukleoan hegan eginez. Pilotuek hartu behar duten kontu bakarra da zati zentral horretan sartzea, turbulentzia arriskutsua den ertzeko eremuetatik pasatzea saihestuz. Horretarako, egunero mapak prestatzen dira, ibilbidean zehar korronte jet desberdinek aurreikuspenez izango duten kokapenari eta altitudeari buruzko informazio oso zehatzarekin. Haien kokapena eta orientazioa egunetik egunera aldatzen da. Noizbehinka, korronte hauetako bat atmosferan behe-mailagoan sortzen da (behe-mailako jeta). Lurrean bost korronte jet nagusi daude. Gure planetaren simetria esferikoa dela eta, hemisferio bakoitzean jet polar bat eta jet subtropikal bat daude (biak mendebaldekoak), ekuatorean, aldiz, aurkako noranzko batean doan korronte jet bat dabil (ekialdekoa). Bai Artikoan bai Antartikan, batzuetan sortzen dira estratosfera-jet izenekoak. Korronte jetak Wasaburo Oishi (1874-1950) meteorologo japoniarrak aurkitu zituen 1926an, nahiz eta lehen erreferentzia zientifikoa geroagokoa den, Heinrich Seilkopf (1895-1968) meteorologo alemanarena, izan ere 1939an strahlströmung («korronte jeta») esamoldea erabili baitzuen horiei izena emateko. Halaber, jeta eta jet (jet stream -etik) forma laburtuak ere erabiltzen dira.