tximeleta-efektua
Atmosfera bezalako sistema dinamiko ez-linealek (kaotikoek) duten portaera, hasierako baldintzekiko duten mendekotasun handia agerian jartzen duena. Halabeharrez aurkitua, 1960ko hamarkadaren hasieran, AEBetako Massachusettseko Institutu Teknologikoko meteorologo eta irakasle Edward Norton Lorenzek (1917-2008), 1963an argitaratutako artikulu batean eman zuen ezagutzera, meteorologia-arloetik kanpo ia hedatu ez zena. Munduko aitorpena 1972ko abenduan iritsi zitzaion, urte hartako AAASen (Zientziaren Aurrerapenerako Elkarte Estatubatuarra) kongresuan eman zuen hitzaldi baten ondorioz, honela izenburuztatua: «Brasilen tximeleta batek hegoak astintzeak Texasen tornado bat sor dezake?». Lorenzek atmosfera kaosaren legeek gobernatutako sistema dela aurkitu zuen, eta horregatik ez gara gai bere etorkizuneko portaera zehaztasun osoz aurreikusteko. Hasierako egoera atmosferiko bat erabateko zehaztasunez ezartzeko dugun ezintasunak sistemaren aurreikusgarritasunari muga bat ezartzen dio. Adierazpena herrikoia bihurtu da, eta guztia elkarri lotuta dagoela adierazteko erabiltzen da: une eta leku jakin batean gertatzen den zerbaitek handik urrun oso desberdina eta ustekabekoa den zerbait eragin dezake.