Lur zuria
Iraganeko garai urrun batean, Lurra bere osotasunean izotzez estalita egon zen hainbat aldi izan zirela dioen teoria. Hipotesia -Lur zuria izenez ere ezaguna- 1998an proposatu zuten Harvard Unibertsitateko (AEB) Paul Hoffmann eta Daniel Schrag ikertzaileek, horretarako, Proterozoiko eoiaren amaierari (Prekanbriar Goikoa) dagozkien estratu geologiko jakin batzuetan aurkitutako izotz-arrastoetan oinarrituz. Izotz primitiboaren hondar horiek planeta osoan aurkitu dira, eta horrek iradokitzen du Lur osoko eremu kontinentalak zein ozeanikoak (eremu ekuatoriala barne) izotz-geruza lodi batez estalita geratu zirela, eta horrek batez besteko tenperatura globala –50 ºC-raino jaitsi ahal izatea eragin zuen. Superglaziazio horietako hainbat datatu ahal izan dira, orain dela 800 eta 550 milioi urte bitarteko epe batean.
Honela ere ezaguna: Elur-bola Lurra