Rayleigh sakabanaketa

Argiaren edo beste edozein erradiazio elektromagnetikoren sakabanaketa (edo difusioa) atmosferikoa da, aire-molekulez edo esekiduran dauden simetria esferikoko partikula txiki-txikiez -erradiazio intzidentearen uhin-luzeraren hamarrena baino diametro txikiagokoak- jotzean gertatzen dena. Sakabanaketa hori da zeruaren kolore urdinaren erantzulea. Atmosferatik datorren erradiazio difusoaren intentsitatea alderantziz proportzionala da uhin-luzeraren laugarren potentziarekiko, 1871n fisikari eta aristokrata britainiar John William Strutt-ek (1842-1919), Lord Rayleigh izenez hobeto ezagutzen denak, proposatutako legeak ezartzen duen bezala. Zeru garbia urdin ikusten badugu, ez espektro ikusgaiko gorri edo beste kolore batzuk, aipatutako legearen arabera da, uhin-luzera txikiagoko koloreak (urdina eta bioleta) handiagokoak baino (gorria eta laranja) intentsitate handiagoz sakabanatzen baitira.