partikula
Material partikulatua (PM) izendatzeko forma laburtua. Izen hori jasotzen du airean esekiduran dagoen eta kutsadura eragiten duen jatorri organiko zein inorganikoko partikula txiki-txikien nahasketak, fase likidoan zein solidoan. Partikula horien artean elementu oso desberdinak daude, hala nola hauts minerala, ikatz-hautsa, sulfatoak, nitratoak, silikatoak, errautsak, polenak eta abar luze bat. Isurpen-iturriak naturalak izan daitezke (erupzio bolkanikoak, baso-suteak) edo giza jardueretan izan dezakete jatorria (trafikoa, industria, nekazaritza…). Aireko kalitate-azterketetan, material partikulatua PM10 edo PM2,5 gisa sailkatzen da, tamainaren arabera. Lehen kategoriak (PM10) tamaina handiagoko partikulei dagokie, 10 eta 2,5 µm bitarteko diametroa dutenei, eta bigarrenak (PM2,5) partikula finak biltzen ditu, 2,5 µm-tik beherako diametroa dutenak. Azken horiek dira osasunarentzat arriskutsuenak, izan ere, arnastean ez baitira arnas-bideetan geratzen (PM10ekin gertatzen den bezala), baizik eta birika-albeoloetara -bronkiolo txikien kanpoaldean- iristen dira, odol-fluxura pasatzea lortuz. Azken urteotan, partikula ultrafinetan (PM1) fokalizatutako azterketak agertzen hasi dira, mikra bat baino diametro txikiagokoak (1 µm). Ikus ere hauts bolkanikoa.
Erlazionatutako terminoak: aire kutsadura