aire-masa
Aire-bolumen zabala da, zeinaren propietate fisikoak nahiko homogeneoak diren, kontuan hartzen den edozein plano horizontaletan tenperatura- eta hezetasun-alde handirik gabe. Aire-masek milioika kilometro koadroko azalerak estaltzen dituzte, milaka kilometro inguruko dimentsio horizontalak eta 3 eta 5 kilometro arteko lodierak dituztenak. Haien homogeneotasuna lurraldeko eskualde batean (jatorrizko zona edo eskualdea) denbora luzez estatiko egoteak eragindakoa da, eskualde horretan antizikloi bat irauten duelako, eta horrela airea bere ezaugarri propioak eskuratuz doa. Edozein aire-masa, Lurraren gainazaletik desplazatzen den heinean eta sortu zen jatorrizko eskualdetik urrundu ahala, bere propietateak aldatuz doa, pixkanakako desnaturalizazio-prozesu bati lotuta. Aire-masaren kontzeptua eguraldi-jargoian 1920ko hamarkadan sartu zen, Bergeneko Eskolako meteorologoen lanei esker; bereziki, front polarraren teoriari esker. Aire-masak beren tenperaturaren arabera sailkatzen dira (artikoa/antartikoa, polarra, tropikala, ekuatoriala) eta hezetasun-edukiaren arabera (kontinentala edo itsastarra), bakoitza bi hizkiko kode identifikagarri baten bidez adieraziz.