termosfera

Mesosferaren eta exosferaren artean dagoen atmosfera-geruza. Atmosfera bere egitura termiko bertikalaren arabera banatzen den bost geruzetatik, behetik gora zenbatuta laugarrena. 80 kilometrotik gora hasi eta 500-600 km inguruko altitudera arte hedatzen da, nahiz eta bere lodiera aldakorra izan, batzuetan handiagoa izanik (termopausa). Geruza honetan, airearen dentsitatea oso baxua da eta oso ionizatuta dago, eguzkitik datozen izpi ultramoreen, izpi gammaren eta X izpien eraginagatik, ia erabat atenuatu gabe zeharkatzen baitute. Geruzaren izenak beroari egiten dio erreferentzia («termo-» aurrizkia grezierazko θερμός [ thermos ] hitzetik dator, «beroa» esan nahi duena), izan ere, geruza osoan tenperatura igo egiten baita altueran gora egin ahala, oso balio altuak lortuz haren goiko aldean, 1000-1500 ºC ingurukoak. Egunez, eguzki-erradiazioak zeharkatzen duenean, geruza osatzen duen gas urritua tenperatura-gailurretara irits daiteke, are altuagoak, 2500 ºC-ra arte, nahiz eta han goian dagoen edozein objektu -adibidez, Nazioarteko Espazio Estazioarekin gertatzen den bezala- ez den kontaktuz berotzen, dentsitate molekularra hain baxua delako ez baita bero-eroapenik gertatzen.