termometroa

Aireko tenperatura neurtzeko balio duen tresna meteorologikoa da. Hainbat motatakoak daude, eta guztiak substantzia jakin batzuek airearekiko oreka termikoan dagoela, honen egoera termodinamikoa aldatzean, jasaten duten propietate fisikoren baten aldaketan oinarritzen dira. Termometro tradizionalek likido bat dute barnean (merkurioa edo alkohola), beira-hodi kapilar baten barruan, gordailu edo bulbo txiki batekin lotuta. Aireko tenperatura-aldaketek likidoaren zabalpena edo uzkurdura eragiten dute, eta ondorioz likidoa hodi txikian gora edo behera egiten du. Tresnak duen eskala graduatuari esker, tresnaren inguruko airearen tenperaturak lortzen dituen graduak zuzenean irakur daitezke. Behatoki meteorologikoetan termometro mota ugari dago, eta horietako batzuk -maximo eta minimokoak, edo psikrometroa osatzen dutenak (termometro lehorra eta bustia), esaterako- helburu jakin batzuetarako erabiltzen dira. Merkuriozko termometroaren erabilera hotza muturrekoa ez den eskualdeetara mugatzen da, likido hori –38,8 ºC azpitik izoztu hasten baita, eta Lurrean badira maiz aire hori tenperatura horretatik beherago dagoen tokiak. Arazo hori konpontzeko, eskualde hotzenetako behatoki meteorologikoetan alkoholezko termometroak erabiltzen dira. Normalean etanola (alkohol etilikoa) dute barnean, zeinaren izoztze-puntua –114 ºC baita. Merkuriozko eta alkoholezko termometroez gain, beste batzuk ere erabiltzen dira, hala nola xafla bimetalikokoa, erresistentziazkoa edo digitalak, aipatutako batzuen printzipio berberetan oinarritutako sentsoreak dituztenak eta, zirkuitu elektroniko baten bidez, tenperatura-aldaketak kristal likidozko pantaila batean digitu gisa ikus daitekeen seinale bihurtzen dituzte.

Erlazionatutako terminoak: tenperatura