euri-neurgailu
Toki jakin batean denbora-tarte jakin batean erori den prezipitazio-kopurua neurtzeko erabiltzen den tresna meteorologikoa da. Behatoki meteorologikoetan erabiltzen dena Mundu Meteorologia Erakundeak (MME) homologatua dago, eta Hellmann motakoa da, Gustav J. G. Hellmann (1854-1939) meteorologo alemaniarrari omenaldia eginez izendatua, honi zor baitiogu bere asmakuntza (1886. urtea). Euriaren ura biltzeko eta horren kontabilitatea eramateko ad hoc eraikitako lehen ontziak Antzinako Grezian erabili ziren, eta duela 2500 bat urtekoak dira. Xede berarekin erabilitako marka dituen ontzi bat ere dokumentatuta dago Indian, K. a. IV. mendearen inguruan. Nekazaritza-lanen plangintzak bultzatu zuen lehen euri-neurgailu horien asmakuntza, baita Korean 1441ean agertu zena ere, Sejong Handia erregearen garaian (1418-1450). Cheu- gugi izenez ezagutua, burdinazko ontzi bat zen, neurri estandarizatukoa, eta bere kopia zehatzak egin ziren probintzia bakoitzeko gobernadoreari banatzeko, horrek herrialde osoan euri-erregistroak izatea ahalbidetu zuelarik. 1639an, Benedetto Castelli (1578-1643) fisikari italiarrak -Galileoren ikaslea- beira graduatuzko ontzi soil bat egin zuen, euriaren ura biltzeko erabilia, eta euri-erregistragailu funtzioak ere betetzen zituena. Christopher Wren (1632-1723) arkitekto ingelesari egozten bazaio ere historiako lehen euri-neurgailuaren asmakuntza (tresna zientifiko gisa), ohore hori Castelliri dagokio, izan ere, Wrenek asmatu zuena -1662an- lehen euri-erregistragailua izan zen. Sistema mekaniko bat zuen euri-neurgailu bat zen, kubeta oszilagarriekin, eta horri esker tinta-lumatxa batek paper graduatu batean erortzen ari zen euriaren erregistro jarraitua marraztu ahal izaten zuen. XIX. mendearen amaierara arte ez zen konpondu prezipitazioa modu fidagarrian neurtzeko arazoa, ordura arte diseinatutako euri-neurgailu ezberdinek ezin izaten baitzituzten aldagai horren neurketak zekartzan zailtasun guztiak gainditu; batez ere, jasotako uraren zati baten lurrunketa bidezko galera. Hellmannek asmatutako euri-neurgailuak arrakastaz gainditu zituen kalitate-kontroleko probak. Bere funtzionaltasunari, gainera, eguraldi txarrari aurre egiteko erresistentzia gehitzen zaio. Kanpotik, tresna xafla galvanizatuzko zilindro bat da, elkarren gainean muntatutako bi piezak osatua. Goikoa irekita dago eta euri-neurgailuaren ahoa osatzen du. MMEk homologatutakoetan, bere azalera 200 cm2 -koa da. Aho horretatik behera inbutu bat abiatzen da, eta bertatik euriaren, elurraren edo txingorraren ura iragazten da, azpiko piezaren barruan dagoen ontzi batean amaitzeko. Behaketa egiteko, bi ontzi zilindrikoak bereizten dira, azpikotik ontzia ateratzen da eta -aurreko behaketatik igarotako denboran prezipitaziorik izan bada- bildutako ura probeta graduatu egoki batean isurtzen da. Bere irakurketak zuzenean ematen ditu prezipitazioak utzitako ur-geruzaren altueraren milimetroak, gainazal iragazgaitz batean banatzen dela eta lurrunketarik ez dagoela suposatuz. Milimetro horiek litro metro koadroko baliokideak dira.