ostadarra

Ostadarra zalantzarik gabe atmosferan gertatzen diren fenomeno optiko guztien artean ezagunena eta ikusgarriena da. Gaztelaniaz arco iris edo arcoíris bi eratara idatz daiteke, nahiz eta RAEk (Espainiako Errege Akademiak) azken forma sinple hori erabiltzea gomendatzen duen. Fenomenoaren izenak Iris jainkosari egiten dio erreferentzia, Antzinako Greziako jainkoen mezularitzat hartua. Olinpo -jainkoen bizilekua- eta lurreko mundua -gizakiok bizi garen tokia- artean egiten zituen joan-etorriak ondo islatzen dira ostadarrean, eta zeruaren eta lurraren arteko itxurazko lotura horretan. Ostadarra banda argitsu erdibiribil handi gisa defini dezakegu, edo horren zati gisa, elkarren gainean kokatutako uztai kontzentriko multzo batez osatua, argiaren espektro ikusgaiaren koloreak erakusten dituena. Kolore gorria ostadarraren goiko ertzean agertzen da, eta bioleta behekoan. Deskribapen hori ostadar nagusiari edo primarioari dagokio, baina, batzuetan, bigarren mailako ostadarra eta uztai supernumerario izenekoak ere ikus daitezke. Horiek guztiak agertzea argiaren errefrakzio, islapen, difrakzio eta interferentzia fenomenoen ondorio da, eguzkiak edo ilargiak argiztatutako euri-tanten errezelak zeharkatzean gertatzen dena. Ostadarraren zazpi koloreei buruz hitz egitea ohikoa bada ere, egiaz banda koloretsua continuum batek osatzen du, eta, beraz, zatiketa hori arbitrarioa da.