duende
TLE (iragankor argi-gertaera) izenez ezagutzen den fenomenoen artean, gaur arte katalogatutako guztien artean ezagunena eta gehien argazkiratua da. Izaera elektrikoko argi-fenomeno ihesle hau atmosfera altuan gertatzen da. Batzuetan ekaitzen gainetik sortzen da, tximistek -batez ere karga positibokoek- eragindako eremu elektrikoaren aldaketa bortitzen ondorioz. Itxuraz, marmoka bat edo su artifizialak gogorarazten ditu: goiko zatia lausoa da, kolore gorrixkakoa, 80 kilometro inguruko altueran kokatua -mesosfera altuan-, eta beheko zatia aire oso ionizatuko harizpi sail batez osatuta dago, bakoitza 10 eta 100 metro arteko lodierakoa, dardo (streamers), izenez ezagunak, kolore urdinxka dutenak. Goiko aldean, airearen ionizazioa handiagoa da, eta horrek eragozten du harizpi horiek eratzea; horren ordez, deskarga lauso bat sortzen da, duende halo izenekoa, zenbait ehun kilometroko zabalera har dezakeena. Duende tipiko baten iraupena segundo baten ehunen batzuetakoa da, nahiz eta azkarrenak milisegundo batzuk baino ez diren luzatzen. Duende haloak sortzen duen distira da argi-adierazpenik iheskorrena, 1 eta 2 milisegundo artean baino gutxiago irauten baitu.