izotza

Ura egoera solidoan. Hamar izotz mota daude naturan, egitura kristalino desberdinekoak, presio- eta tenperatura-baldintzen arabera. Ezagutzen dugun eta Lurrean gehien ugaritzen den izotza Ih da, sistema hexagonalean kristaltzen dena eta izotz arrunt izenez ezagutzen dena, nahiz eta guri, soilik, izotz deitzen diogun. Ur likidoaren izoztearen bidez zein atmosferan dagoen ur-lurrunaren sublimazioaren bidez sor daiteke. Amaigabeko forma eta testura kopurua aurkezten du. Izotz garbiak -barnean airerik harrapatuta ez duenak- gardena da. Izotz-forma gehienek ohikoki aurkezten duten kolore zuria barnean duten aireak eragiten du. Elurraren zuritasuna -izotz-kristalen agregatuz osatua- haren esponjositatearen ondorio da. Izotzak kolore urdin biziagoa ere har dezake, bereziki trinkoa denean, nahiz eta airea harrapatuta izan; horrek argiaren sakabanaketa eragiten du izotzean, zeruan gertatzen den bezala (Rayleigh sakabanaketa). Tonalitate urdinxka nabarmen hori, esaterako, glaziarren arraildura sakonetan eta izotz-mendi (iceberg) batzuetan ikus daiteke. Ur garbia 0 ºC-tan izozten da itsas mailan presio-baldintza normaletan (P = 1013 hPa). Emaitzako izotzaren dentsitatea 0,9168 g/cm3 da, ur likidoarena (1 g/cm3) baino txikiagoa. Berezitasun horrek eragiten du izotzak uretan flotatzea.