kondentsazio-arrastoa

Erreakzio-hegazkin batek bere ibilbidean uzten duen hodei estu eta luzanga, airera tenperatura oso altuko gasak -batez ere ur-lurruna- isurtzearen ondorioz. Hegazkin komertzialek hegan egiten duten gurutzaldi-mailan -normalean 8 kilometroko altitudetik gora-, presioa eta tenperatura hain baxuak dira (20 hPa eta –40 ºC ingurukoak, hurrenez hurren) non isuritako ur-lurruna berehala izozten den, sublimazio bat gertatuz. Hegazkinek errekuntzatik datozen partikula txiki-txikiak ere isurtzen dituzte, kondentsazio-nukleo gisa jarduten dutenak, eta horien presentziak errazten du arrastoak osatzen dituzten izotz-kristalen eraketa. Arrasto batek atmosferan irauten duen denbora batez ere hegaldi-eremuko tenperatura- eta hezetasun-baldintzen araberakoa da. Han goian, airea nahiko lehorra da, eta ohikoena da arrastoak azkar desagertzea hegazkina pasa ondoren; hala ere, troposferaren erdi eta goi geruzetan airearen hezetasun-edukia handitzen denean, arrastoak zeruan markatuta geratzen dira, denborarekin zabalduz. Contrail-ak -nazioartean ezagutzen diren izenarekin- OMEren Hodeien Nazioarteko Atlasean sartu ziren 2017ko edizioan, homogenitus espeziearen hodei baten adibiderik adierazgarrienetako bat izanik.

Erlazionatutako terminoak: chemtrail