hodei
Ur likidozko tanta txikien, izotz-kristalen edo bien multzo ikusgarri batean datzan hidrometeoroa da, atmosferan esekiduran dagoena, normalean lur-azalaren gainetik altuera jakin batean kokatua, nahiz eta harekin kontaktuan egon daitekeen. Hodeiak ur edo izotz partikula handiagoak ere izan ditzake -berez beste hidrometeoro batzuk osatzen dituztenak, hala nola euria, elurra edo kazkabarra-, baita ur gabeko partikula likido edo solidoak ere, zeinen jatorria kea, hautsa edo industria-gasak izan daitezkeen. Zeruan hodei bat agertzea ur likidoaren edo izotzaren eraketaren emaitza da, airean dagoen ur-lurrunaren kondentsazioaren edo sublimazioaren ondorioz. Hodeiek forma eta tamaina oso desberdinak dituzte, eta kolore-sorta zabala erakuts dezakete (ez soilik ohikoa den zuria), beren osaeraren, eguneko unearen eta behatzailearen kokapenaren arabera. Beren nomenklatura ofiziala (latinez) eta sailkapena OMMren Hodeien Nazioarteko Atlasak ezartzen dituen irizpideei jarraitzen diete. Hodeien gehiengoa troposferan kokatzen da, konbentzioz hiru solairutan banatzen dena (goikoa, ertaina eta behekoa), eta horietako bakoitzean genero hodeitsu jakin batzuk bakarrik agertzen dira, nahiz eta horietako batzuek aldi berean hainbat solairu okupa ditzaketen. Solairu horien mugak ez dira finkoak, latitudearen eta urteko sasoiaren arabera aldatzen baitira.