altuera-mapa

Meteorologia-argotan, itsas mailatik gorako maila atmosferiko jakin bateko informazio meteorologikoa duen edozein mapari ematen zaion izena. Isohipsa-mapa gisa ere aipatu ohi da, isolinea horiek marraztuta agertzen baitira bertan. Guztiek presio-gainazal jakin baten topografia osatzen dute. Isohipsa bakoitza aipatutako gainazal isobarikoaren maila-kurba bat da. Ohiko moduan egiten dira altuera-mapak 850, 700, 500, 300, 200 eta 100 hPa-ko maila estandarretarako. Zehatz-mehatz, altitude-mapa deitu beharko litzaieke, presio-maila horiek zein altitudetan (metro geopotentzialetan adierazita) kokatzen diren adierazten baitigute. Bai mapa hauetan, bai gainazal-mapetan, egoera sinoptikoa ondo islatzen da, eszena meteorologikoko eragile guztiekin: antizikloiak, borraskak, danak, hobiak, gandorrak… Berez altuera-mapa direnak «topografia erlatibo» izenez ezagutzen dira. Horietan, itsas mailatik gertuen dagoen gainazal isobarikoa (normalean 1000 hPa) oinarrizko erreferentzia-maila gisa hartuta, presio-maila jakin batzuek duten lodierarekin marrazten dira isohipsak. Adibidez, 500 hPa-ko topografia erlatibo batean, lodiera horien aldakuntzak aipatutako maila estandarrak 1000 hPa-ko gainazalarekiko duen altuera-aldakuntza adierazten du.

Erlazionatutako terminoak: isohipsa