altuera-gaixotasuna
Mendi garaian sentitzen den oxigeno-faltak eragindako gaitza da, altuera irabazi ahala airea pixkanaka urritzen delako. Nahaste honen sintoma nagusia itotze-sentsazioa eta bihotz-erritmoaren igoera da, eta horrekin batera goragalea, oka egitea eta buruko min bizia ere ager daitezke. Altuera-gaixotasunak osasun-arazo larria eragin dezake -adibidez, birika-edema bat- kota oso altuetara azkar iristen bada, egokitzeko denbora nahikorik gabe. 2500 m-tik gorako altueratik hasten da agertzen, baina jende gehiena erraz egokitzen da hipoxiara 3000 m-ko kotara arte. Hortik gora, metabolismoak oxigeno-eskasia nabaritzen hasten da, eta horrek egokitzapen-denbora egokia eskatzen du igoten jarraitu ahal izateko. Altuera-gaixotasuna mendi-gaixotasun edo goi-lautadako gaixotasun izenez ere ezagutzen da, baita MAM (mendiko gaixotasun akutua) izenez ere argot medikoan. Andeetako eskualdean izen desberdinak jasotzen ditu, hala nola soroche, puna edo apunamiento.
Erlazionatutako terminoak: hipoxia