elurra

Hodei batetik erortzen den izotz-kristalen prezipitazioa da, banan-banan edo maluta eratuz (hainbat kristalen aglomeratuak). Hidrometeoro hori gerta dadin, prezipitatzen den atmosfera-tarteko aireak 0 ºC baino tenperatura baxuagoa izan behar du. Lur-azalaren mailan bertan zertxobait tenperatura altuagoetan (zero gainetik zenbait gradu Celsius-etan) elurra egin dezake, baina elurra ez da lurzoruan finkatzen bertan 2 ºC gainditzen badira. Elur-jasa gertatzen den ingurunea zenbat eta hotzagoa izan, orduan eta txikiagoak izango dira elur-malutak, eta kasu askotan izotz-kristal indibidualak eroriko dira. Egitura kristalino txiki horiek adar-ugaritasun handia izan ohi dutenez, hainbat elkartu eta aipatutako malutak eratzen direnean, haien barruan aire-kopuru handia geratzen da harrapatuta; eguzki-argiak hutsune txiki horiek zeharkatzean barne-islapen anitzak jasaten ditu, norabide guztietan, eta horrek meteoro hau bereizten duen zuri distiratsua eragiten du. Tenperaturaren eta hezetasunaren konbinazioak elur-mota desberdinak sortzen ditu, kasuaren arabera gehiago edo gutxiago esponjatsuak izanik. Lurzoruaren gainean pilatutako elurraren dentsitatea oso aldakorra da, elur-jasaren intentsitatea bezala.

Erlazionatutako terminoak: elur-maluta