estratosfera

Troposferaren eta mesosferaren artean dagoen atmosferako geruza da, latitude ertainetan gutxi gorabehera 11 eta 50 kilometro arteko altueran hedatzen dena. Bertan, ia ez dago airearen mugimendu bertikalik, horizontalak nagusi direlarik. Haizeak indarrez jotzen dute. Bere behe-aldean tenperaturak ia ez du aldatzen altuerarekin -azpigeruza isotermoa-, apur bat gorago azkar handitzen hasten den bitartean. Handitze hori ozono-molekulen presentziaren ondorioz gertatzen da; gas horrek gehieneko kontzentrazioa 25 kilometro inguruko altueran lortzen du, eta eguzki-erradiazio ultramorearen zati handi bat oso eraginkortasunez xurgatzen du, airea berotuz ondorioz. Estratosfera egonkortasun atmosferiko nabarmena duen geruza da. Bere behe-muga -tropopausa- tenperatura –50 eta –60 ºC artean ibiltzen den bitartean, bere goi-aldean -estratopausa- 0 ºC ingurukoa da. XIX. mendearen azken hamarkadan hasitako globo-sondaren jaurtiketei esker, lehen aldiz izan zen geruza honen existentziaren berri, bertan gertatzen den inbertsio termiko nabarmena hauteman zenean. Léon Teisserenc de Bort (1855-1913) meteorologo frantsesa izan zen bere aurkitzailea, 1898an, nahiz eta 1902ra arte ez zen aurkikuntza publiko egin.