meteoro
Atmosferan edo lur-azalean behatzen den fenomeno fisikoa da, partikula likido edo solidoen -urtsuak izan zein ez- esekidura, prezipitazio edo gordailu batean datzana, baita agerpen optiko edo elektriko batean ere. Hori kontuan hartuta, meteoroak lau talde nagusitan sailkatzen dira: 1) hidrometeoroak (meteoro urtsuak); 2) litometeoroak (hauts-meteoroak); 3) fotometeoroak (fenomeno optiko atmosferikoak); eta 4) elektrometeoroak (meteoro elektrikoak). Hodeiak, garai batean, Munduko Meteorologia Erakundeak ez zituen meteorotzat hartzen, baina gaur egun izaera hori bereganatu dute. Esekiduran dauden ur-tanta txikiz osatuta daudenez, hidrometeorotzat sailkatzen dira. Meteoro terminoa sarritan meteorito edo meteoroidearekin identifikatzen da, jatorri extraterrestrekoa, atmosfera zeharkatzen duena eta bere pasaeran arrasto argitsu bat uzten duena. Izar iheskorrak dira horren adibiderik onena. Kasu horietan, meteoroa argi-distira hori bakarrik da, izaera atmosferikokoa, ez arroka-objektua edo kometa-hondarra bera. Hitza latin ertaroko meteorum hitzetik dator, eta horren jatorria grekozko μετέωρα (meteora) hitzean dago, μετεωρος (meteoron) hitzaren plurala, goian, zeruan, gertatzen diren gauzei edo fenomenoei erreferentzia egiten diena.
Erlazionatutako terminoak: tximista