San Telmoren sua
Meteoro elektriko bat da, korona-efektuko eta intentsitate baxuko argi-deskarga batean datzana, airea oso ionizatuta dagoenean objektu puntadunetatik sortzen dena. Itxurarik ohikoena garrantxo urdinxka bat da, batzuetan tonu gorrixka edo more-kolorea hartzen duena. Normalean krask-hots batez lagunduta agertzen da. Hegazkin baten hegaldi-kabinako beirateen gainean, hego-ertz erasotzaileetan eta helizeetan sortzen da, ekaitz batetik igarotzean. Lurrazalean, tximistorratzen, antenen, tximinien, goi-tentsioko dorretxoen eta haize-neurgailu-dorreen puntetan agertzen da. San Telmoren sua bela-ontzien masten gainaldean ere sortzen da, eta horrek itsas kondaira ugariri eman dio bidea. Historikoki, itsas jendeak zeinu txartzat jo izan du, baina kontrako sinesmena ere badago, izan ere haren agerpena fenomenoari izena ematen dion santu babeslearen seinaletzat interpretatzen hasi zen, ekaitzaren zatirik txarrena atzean geratzen ari zela adieraziz. Aipatutako santua Formiako Erasmo izan zen (†303), heriotzaren ondoren San Elmo bihurtua -gure San Telmo-. Itsasgizonen eta biolin-jotzaileen zaindaria da.