Brockenen espektroa

Fenomeno optikoa, objektu baten itzala -normalean behatzailearena bera- eguzkiaren aurkako norabidean luzatzean datzana, hodei-itsaso baten gainean. Ohikoena da hodei-geruza hori lurretik apur bat gorago dagoen lainoaren edo estratu baten goialdea izatea. Sarritan, Brockenen espektroa osatzen duen giza siluetaren goiko aldea aureola batez inguratuta agertzen da, fenomenoari itxura ikusgarria emanez. Izena Alemaniako Harz mendietako gailurrik altuenetik hartzen du, 1141 metroko altuera duena. Han, Johann Esaias Silberschalg (1721-1791) teologo eta zientzialari alemaniarrak, harriturik, bere itzalak sortutako Brockenen espektroa behatu zuen 1780an egindako igoera batean, eta fenomeno horren lehen deskribapen ezaguna idatzita utzi zuen.