fulgurita
Silize bitrifikatuzko egitura tubularra da, sustrai-itxurakoa, lurzoru hareatsu eta lehorretan eratzen dena, lurrean tximista batek jotzearen ondorioz. Deskarga elektrikoak lurpeko ibilbidean sortzen dituen tenperatura altuek -4000 ºC-ra iritsi arte- harea-aleak urtzen dituzte, material bitreoz osatutako hodi mehe bat sortuz, sarritan adarkatuta agertzen dena. Lurpean ere gertatzen den uraren lurrunketak eta ondorengo hozte azkarrak fulguritaren barruko hutsunearen eraketa laguntzen dute. «Tximista-hodi» horiek gutxi gorabehera milimetro batzuetatik 5 zentimetrora bitarteko diametroak dituzte, eta luzeran batzuetan metrotik gorakoak izatera irits daitezke. Harearen osaeraren arabera, kolore batzuk edo besteak izaten ditu. Hitzaren jatorri etimologikoa latinezko fulgur terminoan dago, tximista edo dirdira esan nahi duena. Ez dugu nahastu behar fulgurita ceraunia deiturikoarekin, hau baita tximista-harri edo tximista-punta izenez ezagutzen dena.