euri azidoa
Euria da, zeinaren tantek azido disolbatuak dituzten, airean dauden gas kutsatzaileen eta uraren arteko konbinazio kimikoaren ondorioz. Beraz, euri azidoa kutsadura atmosferikoaren ondorio bat da. Hala jatorri naturala (sumendi-erupzioak) nola gizakiarena (atmosferara egindako isuriak) izan ditzake. Nitrogeno-oxidoek (NOx ), baita ikatzaren eta beste erregai fosil batzuen errekuntzatik datozen sufre duten hainbat gasek ere, atmosferan dagoen ur-lurrunarekin erreakzionatzean, hainbat azido sortzen dituzte, hala nola azido nitrikoa (HNO3 ), azido sulfurikoa (H2 SO4 ) edo azido sulfurosoa (H2 SO3 ), eta azido horiek hodeietako tanta txikietan sartzen dira eta handik haietan sortzen diren hidrometeoro desberdinetara. Euri (edo elur) azidoa lur-azalera erortzean, substantzia kimiko horiek bertan gordetzen dira, eta horrek ondorio kaltegarriak eragiten ditu landaretzan, baita lurzoruaren eta uren azidotzea ere.