monsoi

Singularrean zein pluralean (monsoiak) modu berean adierazita, eremu tropikal eta subtropikaleko zenbait eskualdetan jotzen duen haize-erregimen bimodala da, ITCZren (gune intertropikal konbergentea) urtaroaren araberako makurtzearekin eta Asiako hegoaldean troposfera garaian (ekuatorean 15 eta 17 km bitarteko altueran) sortzen den korronte ekuatorialarekin (ekialdeko korrontea) lotua. Haize iraunkor horiek lurraldeek eta ondoko ozeanoek jasaten duten bero-maila desberdinaren ondorio dira, eta noranzkoa aldatzen dute -txandaka hego-mendebaldetik eta ipar-ekialdetik jota- udan edo neguan garenaren arabera. Monsoi hitza mausim arabiar terminotik dator, urtaroa esan nahi duena, hain zuzen ere aipatutako norabide-aldaketa estazionalarengatik. Oso ohikoa da monsoia Indiako euri-sasoiarekin identifikatzea, baina hori herrialde horretako udako monsoiari bakarrik dagokio. Hego-mendebaldeko haizeek, Bengalako golkoaren gaineko ibilbide itsastarraren ondorioz hezetasun handiz kargatuta, lehorrera iristean euri-jasa handiak eta iraunkorrak uzten dituzte Indiako ipar-ekialdean eta Bangladeshen, uholdeak eraginez. Monsoi-erregimena Asiako hego-ekialdeko beste zenbait eremutara ere zabaltzen da, baita Amerika, Afrika eta Ozeaniara ere. Toki horietan guztietan, udako monsoiaren (hego-mendebaldeko haizeak) eta negukoaren (ipar-ekialdeko haizeak) arteko txandakatzea gertatzen da. Euri monsoikoak batez ere lehorreko lurretan erortzen dira uda-sasoian.