eskala zentigradu
Eguneroko erabilerako tenperatura-eskala da, Anders Celsius fisikari suediarrak (1701-1744) 1742an proposatua, zeinak zero balioa (t = 0 ºC) esleitzen dion izotzaren urtze-puntuari eta ehuna (t = 100 ºC) uraren irakite-puntuari, bi kasuetan presio-baldintza normaletan. Kontuan hartzen den tenperatura-tartea ehun gradukoa da eskalan, hortik dator izena. Ohikoa den arren gradu zentigraduez hitz egitea, eskala termometriko honetako unitatea gradu Celsius (ºC) da, eta horrela adierazi behar dira tenperatura-balioak. Eskala honen eta eskala absolutuaren edo Kelvinaren arteko baliokidetasuna erlazio honek ematen du: t (ºC) = T (K) – 273,15. Eskala Celsius izenez ere ezagutzen da, bere asmatzailearen omenez. Anekdota gisa, aipagarria da Celsiusek, jatorrizko eskalan, 0 balioa uraren irakite-puntuari esleitu ziola eta 100 izoztze-puntuari. Geroago, erabiltzen hasi zen eskala zentigraduan, erreferentziazko balio-pare horren ordena alderantzikatu egin zen.
Erlazionatutako terminoak: tenperatura