haize-leherketa

Kumulonimbo baten (ekaitz-hodei) barnean sortutako aire-korronte jaisle bortitza, zeinak lurraren kontra bortizki jotzean eta alboetara zabaltzean -norabide guztietan- haize oso indartsuak sortzen dituen, ondorio suntsigarriekin. Hiru haize-leherketa mota sailkatuta daude: 1) haize-leherketa beroa, airearen berotze nabarmena eta ingurumen-hezetasunaren jaitsiera handia eragiten duena lur-azalaren ondoan; 2) haize-leherketa hezea, prezipitazioarekin (ekaitz-zaparradekin) batera etortzen delako izena hori duena. Ur-tantek eta/edo kazkabarrek erortzean arrastatzen duten aire hotza da korronte jaislearen sortzaile nagusia; eta 3) haize-leherketa lehorra, prezipitaziorik gabekoa. Azken kasu horretan, euria, elurra edo kazkabarra lurrera iritsi baino lehen lurrunduta edo sublimatuta geratzen da.