higrometroa
Airearen hezetasun erlatiboa neurtzen duen tresna meteorologikoa. Hainbat motatakoak daude, airearen ur-lurrun edukiaren aldaketak detektatzeko erabiltzen den sistemaren arabera. Ohikoena ile-higrometroa da, Horace-Bénédict de Saussure natur-zientzialari suitzarrak asmatua (1740-1799), 1783an. Bere neurketak koipegabetutako ile batzuek jasaten dituzten luzera-aldaketetan oinarritzen dira, ingurumen-hezetasunaren aldaketekiko sentikortasun handia baitute. Eguraldiaren fraide ezaguna kategoria honetakoa da. Behatoki meteorologikoetan asko erabiltzen den beste higrometro mota bat termometro bikoitzekoa da, psikrometro izenez ere ezaguna. Horiei gehitzen zaizkie ihintz-puntuko higrometroa -Daniell edo Regnault motakoak, esaterako-, erresistentzia elektrikokoa eta xurgapenekoa, azken hori substantzia kimiko higroskopiko bat daramana, aire-bolumen jakin batean dagoen ur-lurruna harrapatzen duena; pisatze bidez, jatorrizko airearen hezetasuna zehazten da, lehortze-prozesuari ekin aurretik.