airearen dentsitatea
Bolumen unitateko aire-masa, ohikoa denez kg/m3 unitatean adierazia. Presioarekin eta tenperaturarekin batera, atmosferaren azterketa teorikoan funtsezko aldagaietako bat da. Itsas mailan eta ISA atmosferak ezarritako baldintza estandarren azpian, 1,225 kg/m3 inguruko balioa hartzen du. Airearen dentsitateak, presio atmosferikoak bezala, altitudearekin behera egiten du, eta jaitsiera bereziki nabarmena da troposferan eta estratosferan gora egitean. Ez da gauza bera gertatzen nahasketa gaseosoa osatzen duten nitrogenoaren eta oxigenoaren proportzioarekin (N2 /O2 ), zeina ia konstante mantentzen baita atmosferaren lehen 80 kilometroetan (homosfera). Bere dentsitatea altitudearekin jaisten da, baina ez horrela bere proportzioa. Kota horretatik gora -ionosferaren esparruetan-, airea oso arraroa da, bere dentsitatea oso baxua da eta ez dago molekula egonkorrik, izan ere maila atmosferiko horietan eguzki-erradiazioa ia atenuatu gabe iristen da, oso energetikoa da eta molekula gaseosoak literalki hausten ditu. Han goian «hodei elektroniko» modukoa eratzen da, batez ere ioiez osatua, elektrizitatearen eroale onak baitira.