sentsazio termikoa

Pertsona batek hotz edo bero gisa sentitzen duen sentsazioa, bere azala aireari azaltzearen ondorioz, handiagoa edo txikiagoa izanik tenperaturaren, haizearen eta hezetasun erlatiboaren konbinazioaren arabera. Hotz-sentsazioa handitu egiten da airearen tenperatura jaisten den eta haizea areagotzen den heinean, giza gorputzaren bero-galera azkartzen baita. Formula enpirikoetatik lortutako hainbat indize daude, tenperatura itxurazkoa edo sentsaziozkoa deitutakoa estimatzeko aukera ematen dutenak. Gehien erabiltzen dena AEBko eta Kanadako Zerbitzu Meteorologiko Nazionalek erabiltzen dutena da, windchill izenaz ezaguna. Kalkulu-taulak daude, tenperatura eta haize-abiadura jakin baterako, dagokion sentsazio-tenperatura lortzeko aukera ematen dutenak. Bero- edo itolarri-sentsazioa batez ere tenperatura altuen eta airearen hezetasun-edukiaren efektu konbinatuak modulatuta dago. Hezetasun erlatiboa altua denean, airearena baino tenperatura altuagoa sentitzen dugu eta deseroso sentitzen hasten gara, gure gorputzak barrutik sortzen duen beroa xahutzeko zailtasunak ditugulako. Gure azalaren tenperatura 32 ºC baino baxuagoa bada, haizeak itolarri-sentsazioa murrizten du, baina altuagoa bada handitu egiten du. Sentsazio termiko hori zehazteko, bero-indizea erabiltzen da (Heat Index). Winchill-arekin gertatzen den bezala, kalkulu-taulak ere prestatuta daude.