derecho

Haize oso bortitz eta bolada handikoak, ekaitz-lerro larri baten luzeran sortzen direnak; ekaitz-lerro horrek zenbait ehun kilometroko luzera hartu dezake eta oso azkar desplazatzen da lurraren gainean. Ondorio suntsitzaileak dituzten haize horiek egitura lerrokatu hori osatzen duten ekaitzek uzten dituzten haize-bolada bortitzen (reventón) multzoaren ondorio dira; egitura hori, gehienetan, mesoeskalako sistema konbektibo bati lotuta egoten da. Bolada-frontearekiko aldea da, derecho baten kasuan, haizeak jarraituak direla eta ekaitz-lerroaren atzealdean areagotu egiten direla. Derechoek tornadoak ere eragin ditzakete, eta prezipitazio handiak zein bat-bateko uholdeak (flash floods) sorraraz ditzakete. Terminoa gaztelaniaz adierazten da nazioartean, El Niño fenomenoarekin gertatzen den bezala. Gustavus Detlef Hinrichs (1836-1923) jatorri alemaniarreko kimikari batek erabili zuen lehen aldiz, 1888an American Meteorological Journal aldizkarian argitaratutako lan batean. Horrela izendatu zuen 1877ko uztailaren 31n Iowa estatuan (AEB) behatutako fenomeno atmosferikoa; tornado bat bezain bortitza, baina ezaugarri desberdinekoa. Tornadoak bere inguruan haize birakariak sortzen dituen bitartean, derecho baten kasuan haizeak «zuzen doaz» (hortik dator izena) soilik ekaitz-lerroaren desplazamendu-noranzkoan.