Meteosat
EUMETSATek (satelite meteorologikoen ustiapenaz arduratzen den Europako erakundeak) garatutako eta erakunde horrek berak operatutako satelite meteorologiko geoestazionarioen Europako programa da, Europako Espazio Agentziarekin (ESA) elkarlanean, azken horrek satelite horien abiarazteez arduratzen delarik. Serieko lehen satelitea Meteosat-1 izan zen, 1977ko azaroaren 23an abiarazi zutena. Urte hartako abenduaren 9an atera zituen bere lehen irudiak, eta ordutik, hura zein orbitan jarritako gainerako Meteosat sateliteek etengabe hornitu dituzte Europako eta Afrikako datu meteorologikoak -hartzen dituzten irudien bidez- duten kokapen pribilegiatutik, 36000 kilometro inguruko altueran, Ginea golkoaren bertikalean, ekuatoreko lerroak zero meridianoa mozten duen tokian. Zazpi sateliteko lehen serie bati (Meteosat-1etik 7ra), dagoeneko bere baliagarritasun-bizitza bete duenari, prestazio handiagoko bigarren belaunaldi bat jarraitu zaio (MSG), lau satelitekoa, nowcastingaren (berehalako iragarpena) eta eguraldiaren iragarpen numerikoaren beharrei erantzuteko diseinatua. Satelite horietako lehena (Meteosat-8 edo MSG-1) 2004ko urtarrilaren 29an hasi zen funtzionatzen, eta serie hori osatzen duten beste hirurak jarraitu zioten (MSG-42015eko uztailean jarri zen orbitan). MSGek eskaintzen dituzten zerbitzuen jarraipena bermatuta dago datozen hamarkadetan, Meteosat sateliteen hirugarren belaunaldiari (MTG) esker, zeinaren lehen unitatea 2022an espazioratu baitzen.