Lichtenbergen irudiak
Forma adarkatuak, tatuaje modukoak, tximista baten eraginpean egon diren pertsona batzuen larruazalean ordu edo egun batzuetan zehar agertzen direnak. Marka horiek larruazalean deskarga elektrikoak izandako ibilbidea islatzen dute. Kolore gorrixka odol-hodi txiki azalekoen hausturaren ondorio da, korronte elektrikoaren igarotzeak eta horrek eragiten duen bat-bateko berotzeak sortua. Adar-itxurako irudi hauek Georg Christoph Lichtenberg (1742-1799) fisikari eta idazle alemaniarraren izena hartzen dute, elektrikoki kargatutako plaken gainean lehenengoz behatu zituelako. Haien gainean pilatutako hautsak osatzen zituen irudiak. Geometria fraktaleko eredu hau bai materialen gainazaletan bai barnealdean sortzen da, materiale isolatzaileetan zehar nolabaiteko intentsitateko korronte elektriko bat zirkulatzen denean.