fronte hotza
Fronte hau aire hotzeko masa batek aire beroko masa baten aurka egiten duen bultzadaren ondorioz eratzen da; azpitik sartzen da ziri gisa eta bortizki gora eragiten dio. Eguraldi-mapetan, fronte-gainazal hotzaren (FGH) eta lurrazalaren arteko ebaki-lerroari dagokio. Aipatutako FGH aire beroko masa baten (aurrealdekoa) eta aire hotzeko masa baten (atzealdekoa) arteko bereizte-eremua da. Grafikoki, marra urdin lodi batekin adierazten da, hirukiez markatua, horiek ere urdinak, frontearen aurrerapen-noranzkoa adierazten dutenak. Fronte honi lotutako hodeiak kumuliformeak dira, eta zaparradak eragiten dituzte, batzuetan ekaitz-itxurakoak. Fronte hotza igaro ondoren, zerua nahiko argitzen da, aire hotzeko masaren sarrerak eraginda; haizea iparraldeko osagaira biratzen da eta presio atmosferikoa bat-batean eta nabarmen igotzen da. Atzealdeko eremu horretan, batzuetan zaparradak izaten dira (postfrontalak). Fronte hotzaren aurretik fronte beroa kokatzen da, biak sektore beroa izeneko eremu batek bereizita. Atzealdeko aire hotzaren bultzadak eragiten du fronte hotzak fronte beroak baino abiadura handiagoan bidaiatzea. Fronte hotzak fronte beroa harrapatu eta gainditzen duenean, fronte itxi bat edo oklusio bat eratzen da.
Erlazionatutako terminoak: sudurra