fronte geldikorra

Aurreratzeari uzten dion eta gelditzen den fronte hotza edo beroa da, epe luze batean geldirik irauten duena; epe hori ordu batzuetatik hainbat egunetara bitartekoa izan daiteke. Egoera hori gertatzen da atzeko aire-masaren bultzada aurrekoak bat-batean geldiarazten duenean. Egoera hau batzuetan ematen da fronte bat mendikate bati hurbiltzen zaionean. Mendi-oztopoak frontearen aurrerapena geldiarazten du, eta hau haize-aurrealdean ainguratuta geratzen da, eta horrek euri jarraituak eragiten ditu eremuan. Fronte bat ere geldikor bihur daiteke bi aire-masen banaketa-eremuan -frontea kokatzen den lekuan- norabide berean baina noranzko aurkakoetan jotzen duten bi aire-fluxu orekan geratzen direnean. Batzuetan, bi aire-masen arteko indar-oreka ez da perfektua, eta pixka bat lekualdatzen dira; kasu horietan fronte erdi-geldikor izenekoa dugu. Eguraldi-mapetan, fronte geldikorrak marra lodi batekin adierazten dira, non zirkulu-erdi gorriak eta triangelu urdinak txandakatzen diren, batzuk eta besteak norabide aurkakoetara begira.