elur-jausi

Elur-jausia. Mendi-hegal batean behera elur kopuru handi bat bat-batean askatzea da. Horrela hartzen da kontuan mugitutako elur kopuruak 100 m3 gainditzen dituenean eta 50 metrotik gorako distantzia egiten duenean. Sarritan, bere erorketan bidean aurkitzen dituen harkaitzak, lurra eta bestelako materialak arrastatzen ditu. Gainera, elur-jausiak aire kopuru handia mugitzen du, eta horrek haize hotz, bortitz eta bolada handikoa sortzen du, jaisten ari den masaren aurrean zein alboetan sumatzen dena. Elur-jausiak eremu menditsuetako fenomeno arriskutsuenetako bat dira. Haien sorrera aurreikusteko, baldintza meteorologikoen bilakaera zehatz-mehatz jarraitzeaz gain, zonalde sentikorretan dagoen elur-geruzan katak egiten dira, arrisku-mapak egitea ahalbidetzen duten neurri sorta bat hartuz. Hiru elur-jausi mota nagusi daude: elur-hauts motakoak, plaka motakoak eta urtze edo elur bustiko motakoak. Tenperatura eta haizea dira elur-geruza desegonkortzen gehien laguntzen duten faktoreak.