haize-orratz
Haizea nondik dabilen adierazten edo erregistratzen duen tresna. Pieza metaliko batek osatzen du, gehienetan gezi-forma duena, eta ardatz bertikal baten inguruan aske biratzen da. Behatoki meteorologikoetan erabiltzen diren haize-orratzak dorre anemometrikoari erantsitako beso horizontal baten gainean jartzen dira. Geziaren muturrak kontrapisu bat du eta beti haizea nondik ari den jotzen adierazten du. Beste muturrean plaka lau bertikal bat dago, eta plaka horren bi aldeetan txandaka jotzen du haizeak, horrek eragiten baitu haize-orratza biratzea. Gailu elektroniko baten esker, mugimendu hori erregistratu egiten da eta haizeak izaten duen norabidearen datuak eskuratzen dira. Haize-orratz tradizionaletan, atzeko hego horrek zein gainerako tresnak apaingarri motiboak izaten dituzte. Haize-orratza biratzen den euskarri bertikalari lau barratxo metaliko itsatsita daude, lau puntu kardinaletara begira jarrita, hauen inizialekin, horrek behaketa egitea ahalbidetzen du, kasu honetan begiz eginikoa bakarrik dena. Bada haize-orratz mota bat (wild haize-orratza) haizearen norabidea adierazteaz gain, haren indarra kalkulatzea ahalbidetzen duena, plaka metaliko oszilakor baten bidez, pendulu baten moduan mugitzen dena, haizearen arabera gehiago edo gutxiago altxatuz. Haize-orratzari gobernu ere esaten zaio.