STEVE

Strong Thermal Emission Velocity Enhancement esapidearen akronimoa da, euskarara «igorpen termikoaren abiaduraren areagotze indartsua» gisa itzul daitekeena, eta noizean behin goi-atmosferan gertatzen den fenomeno optiko atmosferiko bati izena ematen dio, aurora polar batekin antzekotasun jakin bat duena. Kolore bioletako banda luze, distiratsu eta argitsu bat da, eta oraindik ez dago fenomenoaren azalpen erabat asegarririk. Satelite-datuetatik abiatuta zehaztu ahal izan da STEVE 3000 ºC baino gehiagoko tenperaturan dagoen eta abiadura handian isuritzen den plasma batez osatuta dagoela, 25 km inguruko zabalera duen egitura luzanga horretan konfinatua, 400 kilometro baino gehixeagoko altitudean eratua. Batzuetan, STEVE «hesola-hesia» izeneko egitura duten aurora berdeen alboan agertzen da, eta horrek bi fenomenoak elkarrekin lotuta daudela ondorioztatzea ahalbidetzen du.