fenologia
Izaki bizidunen portaeretan gertatzen diren aldizkako patroien azterketa-eremua da, eguraldiarekin eta klimarekin lotuta. Landareei dagokienez, honelako gauzak behatzen dira: sasi jakin batzuk noiz ernaltzen diren, loreak noiz agertzen diren, fruituak noiz heltzen diren edo hostoa noiz erortzen den. Animaliei dagokienez, honako hauek jasotzen dira: hegaztien migrazio-datak, txori jakin batzuen lehen kantuen datak, arrautza-garaia edo intsektu jakin batzuen agerpen-garaia. Charles François Antoine Morren (1807-1858) botanikari belgikarrak erabili zuen termino hau lehen aldiz, 1853an, nahiz eta horrelako behaketak askoz denbora atzerago egiten diren, Jesukristo baino mende ugari lehenagora, txinatarrek jadanik egutegi fenologikoak egiten zituztenean.